Oi ene Jainkoa, gurtzen dudan Hirutasuna lagunt nezazu neure burua osoki ahazten zure baitan egoteko, geldi eta baketsu, ene arima jadanik betierean balitz bezala. Deusek ez dezala ene bakea nahas ez eta zure baitarik atera, oi zu ene Higiezina, bainan minuta bakotxak urrunago neramala zure Misterioaren barnatasunean. Garbi ezazu ene arima, hau egizu zeure zeru, zeure egoitza maite eta atseden leku. Ez zaitzadala sekula bakarrik utz, baizik hor izan nadila oso-osoa, atzarririk neure fedean, gurtzen ari, zure Ekintza kreatzaileari osoki emana.
Oi ene Kristo maite amodioz gurutzitzatua, zure bihotzeko andere-esposa izan nahi nuke, aintzaz estali nahi zintuzket, maitatu nahi zintuzket…hiltzerainokoan ! Bainan ene ezinaren berri badakit; "zuhaurtaz janztea" eskatzen dizut, zure arimaren mugimendu uziekin bat egitea; gaindi nezazu, sar zakizkit, nitaz jabe zaitez, ene bizia zure Biziaren dirdira baizik izan ez dadin. Zatozkit Gurtzaile, Ordaintzaile eta Salbatzaile bezala.
Oi betiereko Berboa, ene Jainkoaren Hitza, zu entzuten iragan nahi dut bizia, irakasgarri egin nahi naiz, zuganik dena ikasteko. Eta gero gau, hutsaldi eta ezintasun guzietan, zuri so egon nahi dut beti, zure argi handiaren pean; oi ene Izar maitea, lillura nezazu ezin atera nadin zure dirdiratik.
Oi su erregarria, maitasunezko Izpiritua, "zatozkit barnera", Berboaren gorpuztea bezalako zerbait egin dadin ene baitan : izan nakion gizatasun erantsi bat, haren baitan bere Misterio guzia eraberri dezan. Eta zu, oi Aita, ukur zaitez zure kreatura xumeari buruz, "estal ezazu zeure itzalaz", haren baitan ikus ezazu bakarrik zeure "Seme Maitea, atsegin zaizuna".
Oi ene Hiruak, ene Guzia, ene Zoriona, Bakartasun mugagabea, galtzen naizen Neurrigabetasuna, ematen nitzaizue harrapakin bezala. Ene baitan ehortz zaitezte, zuen baitan ehortz nadin, argian zuen handitasun izarigabearen ikustera joan arte.