Oi
ene Jainkoa, gurtzen dudan Hirutasuna, lagunt
nezazu neure burua osoki ahazten zure baitan egoteko,
geldi eta baketsu, ene arima jadanik betierean balitz
bezala. Deusek ez dezala ene bakea nahas ez eta zure
baitarik atera, oi zu ene Higiezina, bainan minuta
bakotxak urrunago neramala zure Misterioaren
barnatasunean. Garbi ezazu ene arima, hau egizu zeure
zeru, zeure egoitza maite eta atseden leku. Ez
zaitzadala sekula bakarrik utz, baizik hor izan nadila
oso-osoa, atzarririk neure fedean, gurtzen ari, zure
Ekintza kreatzaileari osoki emana.
Oi ene Kristo maite amodioz
gurutzitzatua, zure bihotzeko andere-esposa izan nahi
nuke, aintzaz estali nahi zintuzket, maitatu nahi
zintuzket…hiltzerainokoan ! Bainan ene ezinaren berri
badakit; "zuhaurtaz janztea" eskatzen dizut, zure
arimaren mugimendu guziekin bat egitea; gaindi nezazu,
sar zakizkit, nitaz jabe zaitez, ene bizia zure Biziaren
dirdira baizik izan ez dadin. Zatozkit Gurtzaile,
Ordaintzaile eta Salbatzaile bezala.
Oi betiereko Berboa, ene
Jainkoaren Hitza, zu entzuten iragan nahi dut bizia,
irakasgarri egin nahi naiz, zuganik dena ikasteko. Eta
gero gau, hutsaldi eta ezintasun guzietan, zuri so egon
nahi dut beti, zure argi handiaren pean; oi ene Izar
maitea, lillura nezazu ezin atera nadin zure dirdiratik.
Oi su erregarria,
maitasunezko Izpiritua, "zatozkit barnera", Berboaren
gorpuztea bezalako zerbait egin dadin ene baitan : izan
nakion gizatasun erantsi bat, haren baitan bere Misterio
guzia eraberri dezan. Eta zu, oi Aita, ukur zaitez zure
kreatura xumeari buruz, "estal ezazu zeure itzalaz",
haren baitan ikus ezazu bakarrik zeure "Seme Maitea,
atsegin zaizuna".
Oi ene Hiruak, ene Guzia,
ene Zoriona, Bakartasun mugagabea, galtzen naizen
Neurrigabetasuna, ematen nitzaizue harrapakin bezala.
Ene baitan ehortz zaitezte, zuen baitan ehortz nadin,
argian zuen handitasun izarigabearen ikustera joan arte.